HISTORIA

1984ko azaroa

1984ko azaroaren 5ean kokatzen da Argia Ikastolaren sorrera; data horretan, 5 ikasleko talde bat euskarazko hezkuntza jasotzen hasi zen guraso talde baten ekimenarengatik eta guraso horiek horretan tematu zirelako; zonaldean aitzindaria zen hezkuntza proiektua hasteko ikuspegia izan zuten: euskalduna eta kooperatiba izaerakoa. Lehen urte haietan peña bateko instalazioak erabili ziren klaseak emateko. Ondoren, etxebizitza txiki bat prestatu zen behe solairu batean, jolastokiarekin, eta, azkenik, behitegi bat zena erabili zen.

1995ko ekaina

1995. urtea nabarmentzeko modukoa izan zen Argia Ikastolaren finkapenerako. Lan eskerga egin zen Tuterako lehen Nafarroa Oinez antolatzen eta gaur egun Fontellasen ditugun instalazioak eraikitzen, horrela irakaskuntzarako baldintza egokiak bermatzen baitziren. Bata zein bestea familia, irakasle, irakasle ez diren langile, eta Erriberako nahiz Erriberakoak ez diren beste pertsona askoren inplikazio eta interesaren erakusgarri dira, Argia Ikastola errealitate bihurtzeko lan egin baitute.
Halaber, 1995eko ekainean, Argia Ikastolako lehen ikaslea graduatu zen OHOn; ikasle hori hasieratik egon zen Ikastolan.

2000ko azaroa

Laster, Fontellaseko hasierako instalazio haiek txiki geratu ziren, eta 2000. urteko udan eraikinaren handitze lanak egin ziren. Horrela, lehen solairua egin zen, Lehen Hezkuntzako etaparen zati bat eta Bigarren Hezkuntza bertan hartzeko.

2002ko azaroa

Argia Ikastolak antolatutako bigarren Nafarroa Oinez festa antolatu zen.

2009ko azaroa

2009-2010 ikasturtean Argia Ikastolak bere 25. urteurrena ospatu zuen Erriberako jendarte osoari eskaini zion kultur jardueraz betetako programarekin.

2013ko azaroa

Erriberako hirugarren Nafarroa Oineza ospatu genuen.

2016ko azaroa

Une honetan 200 ikasle baino gehiago gara, eta Argia proiektua guztiz finkatuta dago Nafarroako Erriberan. Lanean eta hobetzen jarraitzen dugu, hezkuntza aukera garrantzitsua izateko, eta euskal jendartearen parte izaten jarraitzeko.

1985ko iraila

1985eko irailean Argia Ikastolak 16 ikasle zituen eta 1989rako 40 ziren. Hazkundea geldiezina da. 1992-93 ikasturtearen hasieran 75 ikasle eta 6 irakasle zeuden.
Behitegia aurrefabrikatutako moduluekin handitu zen, baina berehala ez zen nahikoa izan, azkar 100 ikasle izatera heldu baikinen.